FRUSTUM INFINITO
Komunikazioarekin zerikusia duten aferetan arreta jartzen duen obra da. Teknologia berriek eta plataformek hornitutako irudien bidez gure ingurua beste era batean ezagutzen dugu. Hauen bitartez helarazten diren esanahien sorreran esku hartzea ahalbidetzen digutelarik, gure ekintza esparrua zabalduz. Haietan, gure ikuspuntu pertsonalean oinarritutako ekarpen berriak egin ditzakegu, horretarako edozein irudikapen era erabiliz.
Paul Viriliok komunikaziorako bi teknologia mota desberdintzen ditu. “Optika txikiak” deitzen dituenak, argazkilaritza eta margolaritza bezala, hurbil eta urrun, edo horizontearen aurrean muxarratu egiten denaren arteko ezberdintasuna perspektiba geometrikoan oinarrituta markatzen dutenak. Eta “optika handiak”, denbora errealean informazioaren helarazte elektronikoan “argindarraren abiaduran dioan optika aktiboan” oinarritzen direnak. Honela, gaur egun optika handiak txikiak ordezkatzen doaz, haien ezaugarri berezkoak ezabatuz. Informazioa edozein puntutik abiadura berdinean transmitituz, hurbil eta urrun, horizonte, distantzia eta espazio kontzeptuek edozein esanahi galtzen dutelarik. Viriliok nabarmendu duenez, hauek, objektuak zeinu higikorretan bihurtzeko prozesu etengabearen etapa baten adierazgarri dira. Informazioaren aroak honenbestez espazioaren edozein dimentsio deusezten duelarik, lurreko edozein puntu beste batengandik istant baten eskuragarri jarriz. Honela distantziaren desegitearekin, ikaragarritasun geografikoa eta espazio handien neurrigabetasuna desagertu dira. Erabaki “zuzen” batetara heltzeko beharrezko zen gertakarien eta erreakzioen arteko gogoeta kritikorako “atzerapen” tenporala espazio horren desagerpenarekin ezabatuz.
Obraren kokalekua antzinako Nafar Erreinuaren zelata-toki bat da. Gaztelu mendiaren tontorrean eraikitako dorrea, K.O 1200 baino lehenagotik, Oskiako igarobidean norbait ibili ezkero hiriburua ohartarazi egiten zuena. Bertara jotzen da begietsi daitekeen ikuspegiaren argazki bat egiteko. Sinbolikoki, enkoadra espazio bat markatuz, Frustum-aren bidez tarte geografiko bat mugatuz. Lortutako irudia Google Hearth plataforman argazkia hartu zen leku berean ipintzen da, obraren inguruko informazioa erantsiz, leku berari zein plataformari esanahi berria emanez.
Fitxa Teknikoa
- Izena: “Frustum infinito”.
- Teknika: Argazki Digitala.
- Neurriak: 150 x 105 zm eta 60 x 34 zm ko 3.
- Data: 2015.
- Egilea: Xabier Barrios.
Virilio, Paul. “Big Optics”, en “On Justifying The Hypothetical Nature of Art and the Non-Identicality whithing the Object World”, comp. Weibel, Peter. Colonia 1992. 90. Orrialdea.